COVID-19ari aurre egiteko neurriak
1. SARRERA
Erandioko Udal Musika Eskolak irailaren 7an eman dio hasiera 2020-21 ikasturteari, instrumentu, koru eta taldeentzat; musika hizkuntza ikasgaia, berriz, irailaren 14an abiatu zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako jarraibideei eta IMQk Erandioko Udalarentzat egindako Kontingentzia Planari jarraituz.
Jarraian, prebentzio- eta higiene-neurriak zehaztuko ditugu, bai eta aurrez aurreko musika-eskoletarako beharrezkoak diren antolamendu-aldaketak ere. Neurri horiek Musika Eskolak prestatu ditu, lehentasunezko helburu batekin: segurtasuna bermatzea ikasleentzat, irakasleentzat eta irakasle ez diren langileentzat.
Kontingentzia Planak ezartzen dituen neurriak berrikusi, moldatu eta zabaldu egin ahal izango dira osasun egoerak hala eskatuz gero, beti ere osasun eta hezkuntza agintariek, unean-unean, ezarritako irizpideei jarraituz.
2. SEGURTASUN NEURRIAK
- Pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantenduko da. Horrez gain, musukoa nahitaez erabili beharko dute, bai irakasleek baita ikasleek ere (4-5 urteko ikasleak barne). Maskara erabiltzea ezinezkoa den jardueretan (kantua), pertsonen arteko distantzia bermatuko da.
- Gel hidroalkoholikoaren banagailuak jarriko dira sarrera eta korridore guztietan. 4, 5 eta 6 urteko ikasleen kasuan (I. maila), eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea gomendatzen da, gelik ez erabiltzeko.
- Nahitaezkoa izango da eskuak desinfektatzea eraikinera sartzean. Horretarako, Eskolak gel-banagailuak jarriko ditu.
- Partekatutako espazioen eta komunen desinfekzioa bermatuko da, goizez zein arratsaldez.
- Ikasleek beren tresna eta materiala erabiliko dute (liburuak, partiturak…).
- Ikasleek eta irakasleek eskoletan erabilitako materiala garbitzen eta desinfektatzen lagunduko dute. Horretarako, spray desinfektatzailea egongo da, baita papera ere.
- Eskola ordu batetik bestera minutu batzuk utziko dira ikasgela aireztatzeko.
- Haize-instrumentuak berariaz prestatutako lekuan muntatu, desmuntatu eta garbituko dira.
- Familiekin telefonoz, SMSz edo posta elektronikoz komunikatzea lehenetsiko da.
- Espazio komunek (irakasle-gela, zuzendaritza, idazkaritza) edukiera murriztu dute pertsonen arteko distantzia bermatzeko.
3. SARBIDEAK ETA JOAN-ETORRIAK
- Zentro bietako ibilbideak agerian eta behar bezala seinaleztatuta daude. Era berean, geletara edo entsegu-geletara sartu aurretik, itxaroteko lekuak ere seinaleztatu dira, pertsonen arteko distantzia eta mugikortasuna erraztuz.
- 2020-21 ikasturtearen hasieran, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ikastetxeetan koronabirusaren aurka jarduteko protokolo orokorrak ezarri ditu. Bertako jarraibideei jarraituz, Altzaga Ikastolako Musika Hizkuntzako eskolak Bekoa Ikastetxeko Musika Eskolaren 2. gelan emango dira
- Ahalik eta puntualtasunik handiena eskatzen da: eraikinera ez iritsi ez goizegi ez beranduegi, barneko joan-etorrien kontrola errazteko.
- Irakasle, ikasle, zerbitzu orokor edo mantentze-lanetakoak ez diren pertsonen presentzia ahalik eta gehien mugatuko da. Gurasoak ez dira eraikinean sartuko (4, 5 eta 6 urteko umeen gurasoak izan ezik, Bekoa Ikastetxean).
4. KLASEAN
Pertsonen arteko distantzia ahalbidetzeko, gehieneko edukiera ezarri da Musika Eskolak erabiltzen dituen espazio guztietan. Horretarako, beharrezkoa izan da musika-tresnaren bat ikasgelaz aldatzea eta talderen bat entsegu-lekuz aldatzea. Irakasgaiaren bat eskolaz kanpoko espazioetan ere emango da horren ondorioz.
- Ikasle guztiak maskara jantzita joango dira eskolara, eta jarrita edukiko dute eskola-jarduera osoan, haize-instrumentuen kasuan izan ezik; haientzat beste babes-neurriak ezarriko dira.
- Maskara erabiltzea eta jardueraren bat egitea bateraezinak badira, ezinbestekoa izango da ezarritako gutxieneko distantzia errespetatzea.
- Liburuak, partiturak eta material guztia banaka erabiliko da.
- Roller motako banaketa-pantailak jarriko dira haize-instrumentuen geletan.
- Espazio komunek (irakasle-gela, zuzendaritza, idazkaritza) edukiera murriztu dute pertsonen arteko distantzia bermatzeko.
- Gela guztietan papera, gel hidroalkoholikoa eta alkohola egongo dira.
Musika-hizkuntza irakasgaiari dagokionez,
- Taldeen ratioa gehienez 10 ikaslera murriztu da taldeko.
- Ezarritako ordutegiek ikasgelak desinfektatu eta aireztatzea ahalbidetzen dute.
- Ikasleak ikasgelako leku berean eseriko dira beti.
5. IRAKASLEAK
Lehen eskola-egunetan, irakasleek ikasleei azalduko dizkiete sartzeko eta irteteko ordutegiak, espazio komunen erabilera eta ibilbideak. Aplikatu beharreko higiene eta osasun-neurri guztiak ere azalduko dira, bereziki segurtasun-distantzia mantentzeari, maskara erabiltzeari, eskuak garbitzeari eta gela erabiltzeari buruzkoak.
Irakasleek egunero kontrolatuko dute ikasleen asistentzia.
6. ON-LINE KLASEAK
Musikaren irakaskuntza-ikaskuntza prozesua praktikoa da nagusiki, eta presentzialtasuna ezinbestekoa da alderdi asko landu ahal izateko. Gainera, sozializazioaren osagaia ere hor dago. Taldeko praktikak motibaziorako oinarri gisa ere funtzionatzen du.
Hala ere, osasun egoera dela eta, beharrezkoa da antolaketa-sistema bat izatea, ohiko jarduerari ordezko mekanismoen bidez eusteko.
Ikasleek Skype plataforma ezarriko dute klase presentzialak ordezkatzeko, etxean isolatuta egon behar den kasuan. Horretarako ordenagailu eramangarria izatea komeniko litzakete.
Irakaskuntzari dagokionez, Eskolak berdin baloratuko du online zein aurrez aurreko irakaskuntza. Ikasleek ikasketa ordutegi bat daukate ezarrita, eta horrekin jarraituko dute, irakasleak eta ikasleak edo haren familiak aldaketa adostu ezean.
7. PROTOKOLOA
COVID-19arekin zerikusia duen edozein sintoma izanez gero (eztula, sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna), ikasle eta irakasleek ez dute ikastetxera joan behar.
Eskola-jardunaldian ikasle edo irakasleren batek halako sintomatologia nabaritzen badu, familiari ohartaraziko zaio bere osasun-zentroarekin harremanetan jarri behar duela esateko.
Kasu guztietan, zentroko zuzendaritzari jakinaraziko zaio, eta hark osasun-agintariei jakinaraziko die, kontaktuak bilatzeko protokoloa aktiba dezaten.
Familiak zentroari jakinaraziko dio, eta beharrezko informazioaren berri emango dio.
Ezin izango da ikastetxera sartu medikuaren alta jaso arte.
Azkenik, eta tarte horretan familiei laguntzeko asmoz, Hezkuntza Sailak “COVID-19. Familientzako orientabideak” izeneko dokumentua argitaratu du, etxean osasun fisikoa eta emozionala zaintzeko gomendio erraz batzuk jasotzen dituena.
